Lorategian jarriko dituzun espezieak aukeratzean, onena bertako espezieak jartzea da. Izan ere, espezie horiek guztiz egokituta egoten dira bizi garen tokiko baldintza klimatikoetara, eta, horrela, gutxiagotan ureztatu behar izaten dira; haien hazkuntza-zikloa urteko sasoi bakoitzaren ezaugarri meteorologikoen arabera erregulatzen delako.
Bildu gure udalerriko edo eskualdeko natur inguruneetako edo landu gabeko lursailetako landaretzari buruzko informazioa.
Horrez gain, zure inguruko haztegirik gehienetan bertako espezie asko aurkitu ahal izango dituzu; beraz, zoaz haietara eta galdetu saltzaileei. Beraiek esango dizute zeintzuk diren kasu bakoitzerako landarerik egokienak.
Bizkaian soropilak beste leku idorrago batzuetan baino ur-kontsumo txikiagoa behar izaten du; baina, hala ere, eremu batzuetan landare-errezelak jar daitezke, edo zuhaitzak (haritzak, gaztainondoak, lizarrak, haltzak, etab.) eta zuhaixkak, horiek are gutxiago ureztatu behar dira eta.
Lorategiko eremu batzuk beste material batzuekin ere estal daitezke: harriak, legarra, enbor-azalak, etab. Lurrunketa bidezko ur-galerak eragozteko teknikarik eraginkorrenetakoa da, eta, era berean, efektu estetiko ona ere lortzen da.