HONDAKIN URAK ARAZTEA

Ur Partzuergoak azken urteotan egin duen saneamenduko obrarik handiena Sestaon dago: Galindoko Hondakin Uren Araztegia da.

1985ean hasi zen eraikitzen, eta funtsezkoa izan da ingurumena eta gure erreken, Itsasadarraren eta hondartzen irudi berria hobetzeko. 1990etik (urte horretan amaitu ziren lanak Galindon), egunero 350.000 m³ hondakin ur arazten dira, 12.150 l/s-ko gehienezko emariarekin.

Araztegi honetan prozesu bi ematen dira: uraren arazketa eta prozesutik eratorritako lohien tratamendua.              

Uraren tratamendua hasteko, baheen bitartez atxikitzen diren hondakin solido handiagoak ezabatu egiten dira. Ondoren, ura andel batera pasatzen da. Han, harea hondoan jalkitzen da, eta koipeak azalera igotzen dira, aire intsuflatu bidez. Koipe horiek errasketaz kentzen dira, eta hareak ponpaketaz ateratzen dira.

Oinarrizko dekantazio andeletan, uretan esekita dagoen materia organikoa hondoan jalkitzen da, lohiak sortuz. Ura banaketa-kanal batera pasatzen da, tratamendu biologiko baten bidez arazketa-prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Ura upel batzuetara heltzen da, eta, han, oxigenazio-sistema baten bitartez, bakterien garapena ahalbidetzen da. Organismo horiek materia organikoz elikatzen dira, eta, ondorioz, uretan disolbatutako substantzia gehienak desagerrarazi egiten dituzte, bigarren mailako dekantazioan atxikiz.

Dekantazio-prozesuetan ateratako lohiei dagokienez, lohiak trinkotzeko tratamendu baten ostean, lehortu eta labe batzuetara garraiatzen dira, eta, han, 850 gradu zentigradutan errausten dira. Lurrunketatik ateratzen den lurruna birsorkundeko planta batean erabiltzen da. Han, araztegiko instalazio guztien beharrizanak asetzeko adina energia produzitzen da.

[Beste HUA batzuei buruzko informazioa]