Artxandako biltegia martxan jartzearekin batera hornidura-bermea indartu da Bilboko bost auzotan, Sondikan, Zamudion eta Derion

Artxandako biltegia martxan jartzearekin batera hornidura-bermea indartu da Bilboko bost auzotan, Sondikan, Zamudion eta Derion

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Artxandako lur azpiko ur-biltegi berria jarri du martxan, zeinak 2.000 m3-ko edukierarekin —lehengo biltegiaren edukiera 400 m3-koa zen—etengabeko hornidura bermatuko duen 24 orduz 5.000 biztanle ingururentzat, honako eremu hauek hornituko baititu: Bilboko Avril Mendia, Remar-Sarrikue eta Artxanda auzoak, Sondikako San Roke auzoa, Zamudioko Galbarriatu auzoa eta Derioko eremu bat.

 

Obra hau egiteko 4,3 milioi euroko inbertsioa behar izan da, eta Ur Partzuergoak Bizkaiko Foru Aldundiarekin duen hitzarmenaren bidez finantzatu da. 2018an jarri zen martxan eta hiru fasetan egikaritu da: zuhaitzak kendu eta egokitzeko lanak; biltegia eta lotutako hodi berrien eraikuntza, eta obrek ukitutako eremua birjartzeko eta hobetzeko jarduketa batzuk.

 

Izan ere, azpiegitura zaharra eraitsiz eta horren ordez lurpeko instalazio moderno bat jarriz, lurzatia berreskuratu ahal izan dugu, Bilboko aisialdirako zona hau bisitatzen dutenen gozamenerako. Horiek horrela, eraispen-lanekin batera, lurzatiaren ingurumena erabat lehengoratu da: San Roke bidea birjarri eta handitu da, aparkaleku berriak egin dira eta haurrentzako jolastoki berri bat ireki da.

 

Horrez gain, oinezkoentzako pasealeku berriak jarri dituzte eta lehendik zeudenak egokitu dira; gainera, inguru osoko argiteria hobetu da, hau da, San Rokeko bidea, oinezkoentzako pasealekua eta jolastokia. Ur Partzuergoak garatutako jarduketa osatzeko, ingurumen-arloko hobekuntzak ere egin dira, landare inbaditzaileak ezabatu eta bertoko espezieak landatuz. 

 

AURREKARIAK

Lehengo Artxandako biltegiak, 400 m3-ko bolumena zuen eta oso erregulatze-gaitasun txikia zuen. Ur lamina 254,00 metroko kotan zuen, eta hondokoa 250,00 metroko kotan. Horrek funtzionamendu txarra eragiten zuen ponpaketan, izan ere, egunean behin baino gehiagotan martxan jartzen eta gelditzen zen, biltegia azkar hustearen ondorioz. Hain zuzen ere, eguneko batez besteko kontsumoak, 2007. urtetik aurrera, gora egin du, eta egunean 1.200 eta 1.600 m3 artekoa izatera iritsi da.

 

Arazoa konpontzeko, 2.000 m3-ko edukiera duen biltegi erregulatzaile berri bat eraikitzea proposatu da (bi ontzi izango dituena), zeinak aurreko biltegia ordezkatuko duen. Biltegi hori aurrekoa zegoen lurzatian kokatu da, Artxanda mendiaren gainaldean. Obraren bidez honako helburu nagusi hauek lortu dira: etorkizuneko eskaera modu eraginkorrean asetuko da, hornidura 24 orduz bermatuz; ponpaketaren funtzionamendua hobetu da, eta, biltegia lur azpian dagoenez, ez du hurbileko ingurunean eraginik izango, gainera, espazioa auzokoen aisialdirako gune gisa berreskuratu da.

 

 

Informazio gehiago: https://bit.ly/3ejeIPL