BBUP PUBLIKOKI AURKEZTU DU BIZKAIKO INSTALAZIO FOTOVOLTAIKORIK HANDIENA, BETELURIKO EUTan DAGOENA (ARRIGORRIAGA)

BBUP PUBLIKOKI AURKEZTU DU BIZKAIKO INSTALAZIO FOTOVOLTAIKORIK HANDIENA, BETELURIKO EUTan DAGOENA (ARRIGORRIAGA)

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urte amaieran jarri zuen martxan Bizkaiko instalazio fotovoltaikorik handiena; Beteluriko Edateko Uren Tratamendutegian dago (EUT) (Arrigorriaga) eta 555 kW-ko potentzia instalatua dauka. 600.474 euroko inbertsioa (BEZ gabe) izan duen proiektu hori Tecunik egikaritu du (VINCI Energies Spain taldearen baitako enpresa). Horretarako, 1.284 eguzki-panel jarri dira, azalera handiena duen eta hegoaldera begira dagoen ur-biltegiaren gainean. Egindako kalkuluen arabera, urtean 595 MWh energia ekoitziko da, hau da, tratamendutegiak urtean batez beste kontsumitzen duen energiaren % 21; beraz, instalazioaren elektrizitate-faktura nabarmen murriztuko da.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidenteak, Kepa Odriozola Azulak, eta gerenteak, Pedro Barreirok, erakundeko beste ordezkari batzuekin batera, ur-biltegiaren estalkia bisitatu dute gaur goizean. Tamara Yagüe Tecuniko zuzendari nagusia eta Sabin Anuzita zuzendari korporatiboa ere bertan izan dira.

Duela ia hamarkada bat, Ur Partzuergoa horrelako instalazio bat jartzeko aukera aztertzen hasi zen, elektrizitatearen prezioen aldakortasunak dakartzan ondorioak arintzeko asmoz. Horretarako, hasierako bideragarritasun-azterketa bat egin zuen. Gainera, energia elektrikoa sortzeko modu horrek ez du berotegi-efektuko gasik isurtzen. Proiektua atzeratu egin zen, Trantsizio Energetikorako Premiazko Neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretua argitaratu arte. Araudiak, teknologiak eta merkatuak inbertsioaren alde egiten zuten testuinguru askoz ahalbidetzaileago batean, proiektua idazteko lanak hasi ziren, Koldo Urkullu zuzendaria buru zuen Aktiboak Ustiatzeko eta Kudeatzeko Zuzendaritzaren eskutik.

 

Energia fotovoltaikoa sortzeko zentrala nolakoa izango zen zehatz-mehatz definituta, honako hau izan zen diseinuaren ezaugarri nagusietako bat, azterketa sakonen xede izan zena: nola kokatu plakak biltegiaren gainazalean eta nola lotu plakak estalkiari. Horiek horrela, plakak hegoaldera begira eta 30º-ko inklinazioarekin jartzea erabaki zen, eguzki-irradiazioaren aprobetxamendua optimizatzeko. Eguzki-plakak aluminiozko sostengu-egitura baten gainean jarri ziren, haizearen karga murrizteko deflektoreekin batera, eta egitura ainguraketen bidez lotu zitzaion estalkiari.

 

Instalazioaren potentziari dagokionez, potentzia EUTaren oinarrizko kontsumo-lerrora egokitu zen (555 KW), eta, horrez gain, soberakinak esportatzea eragozten duen isurketak saihesteko sistema bat jarri zen; beraz, instalazioa autokontsumorako soilik diseinatuta dago. Instalazioaren errentagarritasuna optimizatzeko eta egunean zehar beharko den energia ekoizteko asmoz egin zen hori guztia. Eraikuntza-proiektua 2019ko irailean amaitu eta onartu zen, eta urte horren amaieran instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko lanak lizitatu ziren; hala, Tecuni enpresa adjudikaziodunak 2020aren amaieran hasi zituen lanak.

 

EZAUGARRIAK

Proiektuaren definizioarekin bat eginik, Beteluriko EUTan dagoen ur-biltegi baten estalkia aprobetxatu zen instalazioa egiteko. Horri esker, eguzki-orduetan instalazio osoaren energia-eskakizunak bete zitezkeen, eta instalazioa autokontsumorako modalitatean funtzionatzen hasi zen, energia berriztagarriko iturri propioekin (1.020 ordu urtean).

 

Instalatutako eguzki-eremuak 1.284 panel fotovoltaiko monokristalino ditu, aurpegi-bakarreko PERC motakoak, eta horietako bakoitza 455W-koa da. Panel horiekin, 26 moduluko 48 serie eta 18 moduluko bi serie eratu dira. Serieak hiru inbertsoreri konektatuta daude, bakoitza 185 kW-eko potentziakoa, eta 1500 VDC-ak transformatzen eta 800 VAC-tan bihurtzen dute. Horrela, inbertsoreak EUTaren SCADA sisteman integratuta geratzen dira, zeinak aukera ematen baitu energia sortzeko sistemaren egoera denbora errealean eta etengabe gainbegiratzeko.

 

Azkenik, honako hau izan da instalazioaren alderdirik konplexuenetako bat, baita berme handiena ematen duena ere: EUTaren erdi-tentsioko eraztunarekiko konexioa eta huste-lerroaren eraikuntza. Horretarako, kanalizazio berri bat egin da, biltegitik Beteluriko 2. fasearen eraikinera doana. Bertan beste transformadore bat jarri da, zeinak aukera ematen baitu instalazioaren tratamendu-prozesuan sortutako energia erabiltzeko. 

 

Instalazio fotovoltaiko horri esker, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak independentzia energetiko handiagoa lortu du, baita aurreztea lortu ere, behar duen energiaren zati bat bertan sortzen duelako. Gainera, baliabideak optimizatu ditu, autokontsumorako instalazio baten bidez energia ekoizteak aukera ematen baitu datozen 25 urteetan kostu finkoa izateko; hori guztia, eraikinaren estalkia aprobetxatuz eta emankortasunik ez zuen espazio bati balioa emanez. “Proiektu honek dakarren ingurumen-onura garrantzi handikoa da, izan ere, eguzki-instalazio horrek gas kutsatzaile ugari atmosferara isurtzea saihesten du, lurraldearen jasangarritasunarekin eta Agenda 2030ean ezarritako konpromisoekin bat eginik” azaldu du Kepa Odriozola Azulak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidenteak.

 

Bestalde, Tamara Yagüek, Tecuniko zuzendari nagusiak, zera adierazi du: “Tecunin gure bezeroen eta gizartearen beharrak ahalik eta eraginkortasun handienarekin eta baliabideen optimizazio handienarekin betetzen dituzten proiektuak garatzeko lan egiten dugu beti. Instalazio hau horren adibide garbia da, energia-iturri garbia sortzen baitu eta gure proiektu guztietan zeharkako ardatza den ingurumen-jasangarritasunarekin daukagun konpromisoa indartzen baitu.

 

 

https://bit.ly/3sKGHPD