BBUPak eta UHSEko Elkarteak IDEAS2023 berrikuntza-jardunaldiak egingo dituzte gaur eta bihar, “Ingurumen erronka berrietarako irtenbideak” lelopean

BBUPak eta UHSEko Elkarteak IDEAS2023 berrikuntza-jardunaldiak egingo dituzte gaur eta bihar, “Ingurumen erronka berrietarako irtenbideak” lelopean

Bilboko Euskalduna Jauregiak Ur Hornidura eta Saneamenduko Espainiako Elkarteak (AEAS) antolatutako IDEAS 2023 Berrikuntza Jardunaldiak hartuko ditu gaur eta bihar. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egin ditu ekitaldiaren anfitrioi lanak, hiriko uren kudeaketan adituak diren 250 lagun bilduko dituena. AEAS elkartearen I+G+b zeharkako taldeak sustatuta, uraren zikloko erakunde berritzaileenak egungo eta etorkizuneko erronkei nola aurre egiten ari diren aztertzea da asmoa, azterlan horrek sektore osoaren erreferentzia eta inspirazio gisa balio dezan.

Jardunaldiari hasiera emateko ekitaldi instituzionalean parte hartu dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidente Kepa Odriozolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Josu Bilbaok eta AEASeko presidente Pascual Fernandezek.

Sektoreak aurrez aurre dituen hiru erronka handietan egituratuta, jardunaldien helburua da klima-aldaketari, ekonomia zirkularrari eta energiari lotutako irtenbiderik eraginkorrenak eta jasangarrienak aztertzea eta horietan sakontzea.

Gaur, ASTEARTEA, hilak 30, aldaketa klimatikoa eta ekonomia zirkularra izango dituzte hizpide, eta bektore horiek hiriko uren kudeaketan eragiten dituzten ondorioak aztertuko dituzte. “Klima-aldaketak atmosferan eta klimatologian eragindako aldakuntza handiagoek ziurgabetasun handiagoa ekarriko diote baliabidearen erabilgarritasunari, eta, beraz, beharrezkoa da erreserbak, hornidurak, egungo kontsumoak eta etorkizuneko eskariak zehatz-mehatz ezagutzea, gure segurtasun hidrikoa bermatzeko”, azaldu du Kepa Odriozola BBUPko presidenteak bere hitzaldian.

BBUPko presidenteak, gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela datu eta informazio zehatzak biltzea, baliabideen kudeaketan eraginkortasuna bermatzeko. Ildo horretatik, adierazi du “hainbat sektoretan, hala nola uraren hiri-zikloan, jarduera ekonomikoetan eta industrian, informazio zehatza eta eguneratua lortzea lagungarria izango dela baliabidea kontrolatzeko eta kudeatzeko daukagun gaitasuna hobetzeko”.

 

AEAS elkarteko presidenteak eman duen hitzaldian nabarmendu du oso garrantzitsua dela sektoreko enpresen eta uraren esparruari lotutako beste sektore batzuetako enpresen arteko sinergiak eta konponbideak bilatzea, gizarteak dauzkan erronka handiei aurre egiteko xedez; besteak beste, aipatzekoak dira ekonomia zirkularra lortzeko bidean aurrera egitea eta klima-aldaketa.

Ildo beretik, Pascual Fernándezek adierazi du azken urteotan aldatu dela hondakin-uren araztegien gaineko kontzeptua: hondakin-urak tratatzeko eta hondakinak desagerrarazteko instalaziotzat ez ezik, eraldaketarako instalaziotzat ere jotzen dira gaur egun. Horiek horrela, biofaktoriatzat jotzen dira, hau da, ur-baliabideak berreskuratzeko instalazioak direla uste da, zeinek, ur garbia sortzeaz gain, mantenugai garrantzitsuak berreskuratu ahal baitituzte —esate baterako, fosforoa eta nitrogenoa—, bai eta erregai fosilen kontsumoa murrizten lagundu ere, energia berriztagarrien ekoizpenaren eta erabileraren bitartez.

Halaber, AEAS elkarteko presidenteak azpimarratu du hiriko uraren sektorean aurrerapen handiak egiten ari direla eta operadore gehienek kudeaketa- eta arintze-planak dituztela klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta deskarbonizazioa bultzatzeko. Arintzeaz gain, adierazi du sektorea egokitzen ari dela: kontsumoa murriztuz, berrerabilpena bultzatuz, galerak murriztuz —hodiak berrituz— eta sarearen digitalizaziorantz nahiz energia-trantsiziorantz aurrera eginez.

Goizean zehar, hiru saio egingo dira, eta Estatuko ura kudeatzen duten erakunde eta enpresa nagusietako arduradunek parte hartuko dute, besteak beste, honako gai hauek aztertzeko: Lehorreko Itsas Jabari Publikoaren erregelamendu berriaren ondorioak, edateko uraren eta hondakin-uraren zuzentarau berriak eta klima-aldaketaren eraginak ur-bilketetan. Testuinguru aldakor eta ziurgabe honetan, teknologia berriak eta kudeaketarako tresna berritzaileak aztertzeak garrantzi handia izango du.

Arratsaldean, uraren sektoreko ekonomia zirkularra izango dute hizpide, eta hainbat gai jorratuko dituzte: hornidura- eta saneamendu-sistemetan erreaktiboak eta ur kontsumoa murriztu edo berreskuratzeko irtenbideak; birsortutako ura eta haren aplikazioak, eta baliabideen berreskurapena. 

Bihar, ASTEAZKENEAN, hilaren 31n, IDEAS 2023 jardunaldiak uraren sektoreko energiarekin zerikusia duten alderdi guztiak landuko ditu, bereziki, biogasa, metanoa eta hidrogenoa.

 

TRAKTORE EFEKTUA

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa erakunde publikoaren ardura da partzuergoa osatzen duten 97 udalerrien lurralde-esparruan edateko ur hornidura eta hondakin-uren saneamenduko zerbitzuak ematea. Jarduera horiek garatzean, BBUP ez da soilik instalazio horietaz arduratzen; horrez gain, saneamendu eta hornidurako azpiegitura hidraulikoak eraiki eta/edo berritzeko proiektuak prestatu eta obrak egiteaz ere arduratzen da, existitzen diren sareak handitzeko, arazketa-prozesuen eraginkortasun eta gaitasuna areagotzeko eta, azken finean, emandako zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Funtsean, lurralde-esparruan saneamendu eta hornidurako azpiegitura nagusien bizitza-ziklo osoa kudeatzeko ardura du BBUPk.

BBUP ez da lurralde horren eraldaketa handiaren lekuko soila izan; azken urtean, 311,4 milioi euro sortzen lagundu du jarduera ekonomikoetan (Euskadiren % 0,20) eta 1.600 lanpostu sortu ditu enplegu absolutuetan. 2023ko ekitaldirako 217,8 euroko aurrekontuarekin, ustiapen- eta mantentze-kostuetan izandako igoerari erantzuteko xedea du, baita egin beharreko obretan erabili beharreko materialen kostuen igoerari ere, zeinak funtsezkoak baitira Bizkaiak uraren arloan egin beharreko inbertsioen erritmoa mantentzeko.

“Erakunde honek zorroztasunez eta gardentasunez erakusten jarraituko du gobernatzen duten administrazioen aurrean, baina, batez ere, Bizkaiko gizartearen aurrean, duen ahalmen eraldatzaile handia eta bere plan estrategikoetan txertatzen ari den aurrerapena, non aldaketa sozial, ekonomiko edo klimatiko berriei aurre egiten ari den”, ziurtatu du Kepa Odriozola presidenteak, gaur goizeko ekitaldi instituzionalean.

AEAS

Bestalde, Ur Hornidura eta Saneamenduko Espainiako Elkartea (AEAS) irabazi-asmorik gabeko elkarte profesionala da, ur-hornidurako eta saneamenduko hiri-zerbitzuen alderdi zientifiko, tekniko, administratibo eta legalak sustatzeko eta garatzeko helburua duena. 1971n sortu zen, International Water Supply Association (IWSA) erakundearen Estatuko Batzordeko kideek elkarte nazional bat eratzea erabaki zutenean, nazioarteko elkartearen irudi gisa uraren hiri-zikloaren alderdi guztiez arduratuko zena.

Gaur egun, 300 kide baino gehiagok osatzen dute elkartea, eta elkartean sartutako erakunde operatzaileek 35 milioi biztanle baino gehiagori ematen diote zerbitzua Estatuko 1.700 udalerri baino gehiagotan. Batzorde teknikoak eta haien lantaldeak dira elkartearen jardueraren oinarrizko euskarri teknikoa. Uraren hiri-zikloko edo zerbitzuen kudeaketako prozesuetako arloei buruzko azterlanak, analisiak, txostenak edo proposamenak egiten dituzte. Elkartean 500 adituk baino gehiagok hartzen dute parte, beren jakintza eta esperientzia borondatez ematen dutenak.

Batzordeez eta haien lantaldeez gain, batzorde bateko baino gehiagoko kideez osatutako beste lantalde batzuk daude, eta honako alderdi hauetaz arduratzen dira: I+G+B – Ikerketa, Garapena eta berrikuntza, EGE – Enpresaren Gizarte Erantzukizuna eta EUREAU – Jarraipen Batzordea.