Hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiarekin, asfaltoetan hondakin urak arazteko prozesuetako errautsak erabiltzeko.

Hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiarekin, asfaltoetan hondakin urak arazteko prozesuetako errautsak erabiltzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hitzarmena sinatuko dute, Aldundiak kudeatzen duen errepide sarearen hainbat zatitan, hondakin uren tratamenduko errautsarekin gauzatutako aglomeratu asfaltikoa erabiltzeko probak egiteko.  


 


Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du hasieran, eta luzatu egin ahal izango da, bi aldeen adostasunez; epe horretan, probak egiteko hainbat zati eraikiko dituzte errautsekin egindako bi motatako asfalto-materialekin. Datozen bi urteetan, eta, gutxienez, bi neguz, “egitura-jokabidea” aztertzeko jarraipena egingo da.


 


Hain zuzen ere, Galindoko (Sestao) Hondakin Uren Araztegiko (HUA) lohien balorizazioetan sortzen diren errautsak erabiliko dira. Errauts horiek erabiltzearen abantaila nagusia ingurumena hobetzea da; aldi berean, besteak beste, kare, zementu eta karezko hautsaren kontsumoa murriztuko da.


 


Probaldian lortutako emaitzak positiboak izatekotan, Herri Lan eta Garraio Foru Sailak material horren “homologazio” prozesuari ekingo dio. Hori horrela, egoki iritziz gero, Zehaztasun Teknikoen Baldintza-orrietan errautsaren ezaugarriak eta bere erabilerarako baldintzak jasoko dira, Bizkaiko errepide sareko proiektu eta lanetan betetzeko.