INGENIARIAK-DEUSTO ESTROPADAREN 41. EDIZIOA HARTUKO DU BILBOKO ITSASADARRAK OSTIRALEAN, MARTXOAREN 31N

INGENIARIAK-DEUSTO ESTROPADAREN 41. EDIZIOA HARTUKO DU BILBOKO ITSASADARRAK OSTIRALEAN, MARTXOAREN 31N

Martxoaren 31n, 19:00etan, Ingeniariak – Deustu 41. estropada lehiatuko da Bilboko itsasadarraren uretan. Gaur goizean aurkeztu dute proba, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren egoitzan —kirol-ekitaldiaren babeslea—, eta bertan izan dira, besteak beste, Ur Partzuergoko presidentea, Kepa Odriozola, eta bi taldeetako kideak.


Estropada 1981ean sortu zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolak Deustuko Unibertsitateari egindako erronka baten ondorioz. Orduz geroztik, Bilboko itsasadarraren uretan lehiatu izan da unibertsitateen arteko estropada, erabat amateurra dena. Gaur arte, Deustuk 25 garaipen lortu ditu, eta Ingeniariek 15.


Aulki mugikorreko ontzian lehiatuko dira, zehazki, lemazaindun zortziko outrigger modalitatean. Ibilbidea lau milia nautikokoa izango da, hau da, 7.408 metrokoa. Norgehiagoka arratsaldeko zazpietan hasiko da. Orduan, arraunlariak Erandioko Altzagatik irtengo dira Bilboko Udaletxearen parera iritsi arte, helmuga bertan egongo baita. Ibilbidea sei zuzen nagusik eta bost bihurgunek osatuko dute.


Oraingoan, estropadak ostiralean, martxoaren 31n, egingo dira. Kuriositate gisa, estropadaren errekorra Deustuko tripulazioak hautsi zuen 2016an, ibilbidea 22 minutu eta 14 segundotan egitea lortu zuenean. Aitzitik, denborarik luzeena 1987an erregistratu zen: Ingeniariek 30 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten ibilbide osoa egiteko. Historian zehar, Ingeniarien eskolako 148 arraunlarik eta Deustuko 106 arraunlarik parte hartu dute proban.


Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak itsasadarraren bazterretara etortzera animatu ditu herritarrak, hiribilduan tradizio handia duen kirol-proba honetaz eta ibilguaren ingurumen-berreskurapenaz gozatzera etor daitezen. Berreskurapen hori 1979an hasi zen, Ur Partzuergoak Bilboko metropoli eremuko Saneamendu Plan Integrala martxan jarri zuenean. Plan horrek 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri zuen eta EAEn egindako ingurumen-proiekturik garrantzitsuena izan da.