Izan zaitez aldaketaren parte eta ez zaitez isilik geratu! Uraren Mundu Eguna

Izan zaitez aldaketaren parte eta ez zaitez isilik geratu! Uraren Mundu Eguna

Uraren Mundu Eguna aukera ederra dugu guztiok batera uraren alde egiteko eta esfera honetan egin beharreko aurrerapenak bizkortzeko.

 

Uraren ziklo osoan zehar dauden arazoen ondorioz, munduko larrialdi nagusien konponbidea ahultzen ari da, besteak beste: osasuna, gosea, genero-berdintasuna, lana, hezkuntza, industria, hondamendi naturalak eta bakerik eza.

 

2015ean, 2030 Agendaren baitan, munduak konpromisoa hartu zuen Garapen Jasangarrirako 6. Helburuarekin (GJH): 2030erako denek modu seguruan kudeatutako ura eta saneamendua izatea.

 

Gaur egun, hori lortzetik oso urrun gaude.

 

Milaka milioi pertsona eta hamaika eskola, enpresa, osasun-zentro, etxalde eta lantegi mugatuta daude, oraindik ez direlako bete ura eta saneamendua eskura izateko beren giza eskubideak.

 

Premiazkoa da aldaketa hori bizkortzea, “orain arte bezala jarraitzeko” ideia atzean utziko duten aurrerapausoak emanez.

 

Azken datuek erakusten dute gobernuek, batez beste, lau aldiz azkarrago lan egin behar dutela 6. GJH garaiz betetzeko; hala ere, hori ez da eragile edo talde bakar batek konpon dezakeen egoera bat.

 

Urak denoi eragiten digu, eta, beraz, beharrezkoa da neurriak denok hartzea.

 

Antzinako fabula batek kontatzen duenez, kolibri batek ur-tantak garraiatzen zituen sute handi bat itzaltzeko. Bere aletxoa ematen ari zen. Berak bezala, zuk ere ematen al duzu zure aletxoa?

 

Uraren eta saneamenduaren krisiaz hitz egiten entzuten dugunean, beharbada zaila izan daiteke, krisi horrek mundu-mailan zer eragin dituen imajinatzea. Datuak eta estatistikak garrantzitsuak dira, baina krisi hau despertsonalizatu dezakete eta jendeari ekiteko adorea kendu.

 

Horrenbestez, zer gertatuko litzateke munduko krisi-egoera hori ehun pertsonako komunitate bati aplikatuko bagenio?

 

Guztira 25 pertsonak bildu beharko lukete ur osasungaitza erreka edo urmael batetik, normalean oso urrun egongo litzatekeena, edo, bestela, orduak eman beharko lituzkete ilaran, eta saltzaile bati prezio altua ordaindu. Sistematikoki, urak gaixotu egingo lituzke pertsona horiek eta ezin izango lirateke lanera edo eskolara joan. Erabat saihets daitezkeen gaixotasunek eragindako heriotza, hala nola kolerak edo sukar tifoideak eragindakoa, etengabeko arriskua izango litzateke.

 

Guztira, 22 pertsonak kalean, zuhaixketan edo landan egin beharko lituzkete beren beharrak, edo, bestela, komun antihigienikoak eta eskasak erabili beharko lituzkete.

 

Guztira 46 pertsona gaixotasunekiko kalteberak diren eremuetan biziko lirateke, hondakin-urak eta gorozkiak tratatu gabe itzuliko liratekeelako naturara. Beste 54 pertsonek komun seguruak izango lituzkete hondakinak modu seguruan tratatuko lituzketen sistemetara konektatuta, eta ez lirateke jabetuko saneamendu-zerbitzuek osasuna eta ongizatea babesteko duten garrantziaz.

 

Erkidegoaren inguruan dauden hezeguneen erdiak, gutxi gorabehera, azken hamarkadetan desagertuta egongo lirateke, eta horrek uholdeak izateko arriskua areagotuko luke.

 

Guztira 22 pertsona arituko lirateke lanean edo artatuko lituzkete oinarrizko ur-zerbitzurik izango ez lukeen osasun-arretako zentro batean, eta horrek gaixotasun infekziosoak hartzeko arriskua areagotuko luke Horietako askok tratamenduak jaso beharko lituzkete, komunitateak modu seguruan kudeatutako ura eta saneamendua izan balu, erraz asko saihestuko liratekeen gaixotasunei aurre egiteko.

 

Inguruko nekazaritzak eta industriek eskura dagoen uraren % 80 baino gehiago kontsumituko lukete.

 

Klima aldaketaren ondorioz, lehorteek gero eta baliabide hidriko gehiago kaltetuko lituzkete, baita elikagaien hornidura kaltetu ere. Uholdeek urarekin eta saneamenduarekin lotutako instalazioak suntsitzeko arriskua egongo litzateke eta baliabide hidrikoak kutsatuko lituzkete.

 

Ez litzateke oso probablea izango komunitate horrek ura babestu eta elkarbanatzeko lankidetza-hitzarmenik sinatu izana inguruko beste komunitateekin.

 

Komunitateko kiderik pobreenei eta zaurgarrienei krisiak neurriz kanpo eragingo lieke eta erronka handiei aurre egin beharko liekete agintarien erantzuna lortzeko, uraren eta saneamenduaren zerbitzuak hobetze aldera.

 

2023ko Uraren Mundu Egunak “munduan ikusi nahi dugun aldaketa izatera” animatzen gaitu.

 

Informazio gehiago: https://www.un.org/es/observances/water-day

Era berean, jakinarazten dizugu gaur, asteazkena 22, 12: 50ean, COPE BILBAOn – 97.8 FM – Pedro Mª Barreiro, Ur Partzuergoko gerentea, elkarrizketatuko duela Uraren Munduko Egunaren gai nagusiarekin.