LIFE VERTALIM, isuri industrialak kudeatzeko esperientzia berritzailea

LIFE VERTALIM, isuri industrialak kudeatzeko esperientzia berritzailea

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta AZTI zentro teknologikoak LIFE
VERTALIM (2016 – 2019) proiektu europarra zuzendu dute. Proiektu horren
helburua da ingurumenarekiko errespetutsuagoa den kontserba-industria bat
lortzea, euren isuri industrialak hiriko saneamendu-sarean modu seguruan
integratu ahal izateko
hobekuntzak eginez.

Proiektu
honen esparruan, Ur Partzuergoak esperientzia aitzindari bat garatu du jatorri
industrialeko uren kudeaketari dagokionez. Horretarako, Berriatuko Udalarekin
lan egin du estuki, eta AZTI eta CEIT zentro teknologikoekin lankidetzan aritu
da, baita sektoreko lau enpresa hauekin ere: Marmar kontserbak, Aguirreoa
kontserbak, Güenaga kontserbak eta HEISA.

Gure
proposamenak alderdi berritzaile bat du: kutsadura-parametro kritikoen
jarraipena eta kontrola denbora errealean eta etengabe egitea, hondakin-uren
araztegiak ezin hobeto funtzionatzen duela bermatuz. Proiektuaren
eraginkortasuna probatzeko, Behe Artibaiko eremua hautatu zen, arraina
transformatzeko enpresa ugari baitago bertan.

Teknologia
aurreratuko irtenbide bat da, zeinak arazketa eta saneamenduko instalazioen
errendimendurik altuena bermatzen baitu, honako hiru tresna hauek erabiliz:
“urruneko kontrolgunea”, “kudeatzeko softwarea” eta, azkenik, “detekzio
goiztiarrerako gailua”.

Azken
batean, denbora errealean informazioa eman, gardentasuna bermatu eta aurrea hartzeko aukera ematen du,
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko instalazioetan zuzenean nahiz zeharka,
erabiltzaile industrialari abisua emanez, jarduteko, arauz kanpoko isuri baten
ondoriozko larrialdi kasuetan. Jasotako informazioari esker, gainera,
industriaren eremuko araztegi pribatuen arduradunekin koordinatzeko estrategiak
diseinatu ahal izan ditugu, funtzionamendua optimizatzeko eta eragina
minimizatzeko.

LIFE VERTALIM AURREKONTUA

Proiektu
hau egiteko, Europako funtsen diru-laguntza jaso dugu LIFE programaren bidez,
baita URA – Uraren Euskal Agentziaren baterako finantzaketa ere. LIFE programa
Europar Batasuneko finantzaketa-tresna bat da eta aldaketa klimatikoaren aurka
borrokatzeko eta ingurumen arloko proiektuak ekonomikoki babesteko helburua du.
Guztira, 1.958.998 euroko
aurrekontua izan du LIFE VERTALIM proiektuak eta hiru urtetan zehar ezarri da.
Europar Batasunak proiektuaren % 56 finantzatu du.

Proiektuan
parte hartu duten kontserba-enpresek 150.000
euroko
batez besteko inbertsioa egin dute, euren isuriak Ondarroako HUAri
lotuta dagoen saneamendu-sarean isuri ahal izateko. Aurre-arazketarako
instalazioak jarri eta ekoizpen-prozesuak hobetu dira.

Bilbao
Bizkaia Ur Partzuergoak 200.000 euroko inbertsioa egin du
hondakin-uren analizatzaile eta sentsoreetan, baita sarearen puntu kritikoetan
(enpresa bakoitzaren isuriak, Gardotzako industrialdearen inkorporazioa eta
HUAko influentea, zabalguneko eta kaiko ponpaketen bi bulkaden bidez) ur
zirkulatzailea eta isurien konposizioa monitorizatzeko sistema bat ezartzeko
softwarean ere.

URA
– Uraren Euskal Agentziak 40.000 euro
finantzatu ditu, LIFE VERTALIM proiektuak emandako irtenbidearen
eraginkortasuna frogatzeko eta antzeko
arazoa duten beste eremu batzuetan ere erabiltzeko,
baita industria txikien
isurien inguruan irtenbide integratuak bilatzeko beharraren gainean beste
eragile eta administrazio batzuk sentsibilizatzeko ere.

ONDORIOAK

LIFE
VERTALIM proiektua 2016an jarri zen martxan eta 2019aren amaieran amaitutzat
eman da. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zuzendutako proiektu berritzaile eta
handinahi horri buruzko xehetasun guztiak, baita emaitzak eta ondorio nagusiak
ere, zuen eskura jarri ditugu Layman’s report txostenean:  

https://bit.ly/39ckrlh