Bilbao Bizkaia Ur
Partzuergoak erabaki du 30 egunetik 90 egunera luzatzea maiatzaren 31ra arte
igorritako fakturak borondatez ordaintzeko epea. Koronabirusaren
(COVID-19) ondorioak jasan dituzten erabiltzaileak babesteko asmoz hartu
du erabakia.
Era
berean, ordainketak errazteko helburuarekin, fakturak epetan ordaintzeko edo
geroratzeko aukera emango da, atzerapen-interesik edo errekargurik aplikatu
gabe. Horrez gain, hilabete atzeratuko da alarma-egoera dekretuz ezarri
aurretik emandako geroratze-kuoten epemuga.
Hain
zuzen ere, likidazioei aurre egiteko zailtasunak dituzten erabiltzaileen
eskaera guztiak kudeatu ohi ditu Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, zeinek euren
gaitasun ekonomikoaren araberako zatikapenak eska ditzaketen. Erakundeak,
halaber, gogoratu du diru-sarrerak bermatzeko errenta
jasotzen dutenek saneamendu-tasaren
hobaria (% 80ko murrizketa) eska dezaketela. Neurri hori 2017az
geroztik dago indarrean.
Ildo
horretatik, nabarmendu behar da Ur Partzuergoak ez duela hornidura eteten
arrazoi ekonomikoengatik ordainketak geroratzeko edo zatikatzeko eskatu duten
etxeetan. Nolanahi ere, dagoeneko egiten ari
garen moduan, erakundeak gutxienez ekainaren 1era arte luzatuko ditu fakturak
ez ordaintzeagatiko horniduraren eteteak.
Ordainketak
zatikatzeko eta/edo geroratzeko eskaerak, ahal dela, helbide elektroniko honen
bidez egingo dira:
recibos@consorciodeaguas.eus Izapide telematikoak egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da bezero-zenbakia
adieraztea eta harremanetarako datu guztiak ematea. Aldaketa hauei buruzko
informazio osoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko webgunean dago eskuragarri:
https://www.consorciodeaguas.eus/
Horrez
gain, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki du zenbait prozedura ekainaren
1era arte atzeratzea, hala nola premiamendu-probidentzien jakinarazpena eta
ofiziozko salaketak eta altak. Administrazio-errekurtsoak eta -erreklamazioak
aurkezteko epea ere ekainaren 1era arte eten da.