Bilbao Bizkaia Ur
Partzuergoak azaroan hasiko ditu Muskizko Hondakin Uren Araztegia (HUA)
berritzeko eta handitzeko obrak, zeinek 12,4 milioi euro inguruko inbertsioa
ekarriko duten. Prozesu biologikorako teknologia berritzaile bat aplikatuko da,
horrela, araztegia une oro funtzionamenduan egon ahal izango da. Azken hori
ezinbesteko baldintza gisa planteatu zen, izan ere, araztegiaren efluenteak
eskatutako parametroak betetzen jarraitu behar du. Jarduketak beste muga handi
bat dauka, izan ere, oso toki gutxi dago erabilgarri.
Obraren
konplexutasuna dela eta, Ur Partzuergoak Estatuan aitzindaria den
lizitazio-prozedura bat baliatu zuen, lehia-elkarrizketaren
formula baliatuz. Prozedura horrek merkatuan dauden alternatibak
kontsultatzeko aukera ematen du, hartara, lizitatzaileek HUA handitzeko
eskaintza bat aurkez dezaten eskura dauden irtenbide eta teknologia
berritzaileenak erabiliz. Modu horretan, hiru enpresa aurkeztu ziren
elkarrizketa-prozesura —2019ko urtarrilean hasi zena— eta bost hilabetez
alternatibarik onena topatzeko lanean aritu dira. Azkenean, ACCIONA Agua eta
ACCIONA Construcción enpresek osatutako ABEEk aurkeztu duen alternatiba
aukeratu da.
Muskizko HUA
Euskadiko zaharrenetarikoa da eta Bizkaiko zaharrena. 1988. urteaz geroztik
dago martxan, hau da, Galindoko araztegia (Sestao) funtzionamenduan jarri baino
lehenagotik. Gaur egun tratatzen duen emaria araztegiaren diseinuaren
baldintzen mugan dago, bereziki euri asko egiten duenean, izan ere, euri-urak
udal-estolderiako sareetara sartzen dira. Hori dela eta, beharrezkotzat jo zen
saneamendu-sistema optimizatzeko jarduketaren bat egitea, araztegiak
tratatutako ur-bolumena handitzeko eta eurite handiak daudenean tratatu gabeko
emaria Barbadun itsasadarrera iristeko arriskuak minimizatzeko.
Hartutako irtenbide
teknikoa teknologia berritzaile batean
oinarrituta zegoen, prozesu biologikoari dagokionez. Delft University of
Technology (Herbehereak) unibertsitateak sortutako prozesu hori —bere izen
komertziala Nereda da— pikor egiturako biomasaz egindako hiru erreaktorek
osatzen dute eta ziklo hauen bidez funtzionatzen dute: betetzea/deskargatzea,
aireztatzea eta dekantazioa. Pikor egiturako lohian hiru erreakzio-zonak
agertzen dira pikor partikulen barruko geruza desberdinetan: horrela, baldintza
anaerobikoak, aerobikoak eta anoxikoak ahalbidetzen dituzte, zeinen bidez
fosforoa, materia organikoa, amonioa eta nitratoak aldi berean ezabatu egiten
diren. Horrek guztiak erreaktore
konpaktu bat diseinatzeko aukera ematen du, eta bigarren mailako
dekantaziorik behar ez duenez (beste teknologia batzuetan ezinbestekoa izaten
dena), nabarmen murrizten da araztegiaren azalera.
EFLUENTEAREN
DESINFEKZIOA
Errendimendu
handiagoko tratamendu biologiko hedatuaz gain, HUA berriak tratamendu fisiko
eta kimiko bat izango du, euri asko egiten duenean sartzen den emaria
(influentea) arazteko; horrela, tratatu gabeko urak gainezka egitea saihestuko
da ia erabat. Amaitzeko eta prozesua osatzeko, irteerako emari guztia
(efluentea) desinfektatu egiten da; horri esker, Areeta hondartzako bainatzeko uraren
kalitate bakteriologikoa une oro bermatuko da.
ACCIONAk
proposatutako irtenbidea baliozkotzeko egin diren simulazio bidezko analisien
emaitzek aditzera ematen dute prozesuak lasai asko betetzen dituela
ingurumenera itzultzen den efluenteak izan behar dituen kalitate-betekizunak,
ez soilik egungo egoeran, baita planta gehieneko kargan dagoenean ere. Ildo
horretatik, amonioaren, nitratoen eta fosforoaren ezabapena oso egonkorra da.
Horrez gain, epe labur eta ertainean prozesuan aldaketak egiteko malgutasuna
oso altua da.
Bestalde, pikor
egiturako biomasa aerobioak ohiko lohi aktibatuzko flukoluek ematen ez dituzten
abantailak eskaintzen ditu, karga-aldaketa handiei aurre egiteko gaitasuna
duelako. Aukeratutako alternatibak nabarmendu beharreko beste alderdi batzuk
ere baditu: energia gutxiago
kontsumitzen du eta lohi gutxiago sortzen du, operazioaren kostuak
murriztuz. Hondakin-urak arazteko prozesuaren jasangarritasuna hobetze aldera,
eraginkortasun energetikoko neurriak barne hartu dira diseinuan: ur birgaitua
erabiltzea araztegiaren barne-erabilerarako, indusketa-materialak
berrerabiltzea eta lohiaren biopolimeroak berreskuratzea ondoren erabiliak
izateko.
Proiektua idazteko, BIM (Building Information Modeling) metodologia baliatuko da. Horren
bidez, diseinu-fasean instalazio osoaren eredu digital bat egin daiteke,
ondoren, eraikuntza-fasean nahiz HUAren bizitza baliagarrian zehar handitu eta
osatuko dena.