Ur Partzuergoaren “Bilboko Itsasadar Handia” Arrantza Eskola datorren igandean, irailaren 15ean, itzuliko da Erripa Kaira

Ur Partzuergoaren “Bilboko Itsasadar Handia” Arrantza Eskola datorren igandean, irailaren 15ean, itzuliko da Erripa Kaira

Aurreko urteetan parte-hartzean izandako arrakastaren ondoren, eta Itsasadarreko biologiak eta landareek bizi duten susperraldiaz gozatzen jarraitzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Bizkaiko Arrantza Federazioarekin batera, Arrantza Eskolaren ikasturte berria jarriko du martxan datorren igandean (irailak 15). Modalitate honetan, arrainak harrapatu eta askatu egiten dira, albait arinen eta ahalik eta kontu handienaz uretara itzuliz.


 


Jarduera 16 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta, ohikoa denez, Erripa Kaian egingo da, Areatzako zubiaren ondoan, 11:30etik 13:30era, azaroaren 17ra arteko igande guztietan. Iaz bezala, DibertigarRia 2013 Itsasoaren II. Azokarekin bat eginez, irailaren 22an, igandean, Arrantza Eskola Itsas Museoko zabalgunera eramango da.


 


Eskolako parte-hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie eta beharrezko baliabide teknikoak ere jarriko dira euren esku: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak…), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak…), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak…), ordezko piezak, etab.


 


Jarduera hau abian jartzea, duela hamar urte, erronka handia izan zen Ur Partzuergoarentzat zein Arrantza Federazioarentzat berarentzat; hala ere, proiektuaren emaitzak hasiera batean uste zena baino askozaz harrigarriagoak izan dira. 2012. urtean, 1.300 ikasle baino gehiago aritu ziren kirol-arrantzan. Gero eta harrapaketa gehiago egoten dira eta sailkatutako espezieak ere askotarikoak dira. Horrek Itsasadarraren osasun ona eta bere uren kalitatea berreskuratzen ari garela erakusten du.


 

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gogorarazten du eremua egokitu egin dela, minusbaliotasun fisikoa duten pertsonek ere bertara joateko aukera izan dezaten.