URAk, Bilboko Portuko Agintaritzak eta BBUPak saneamendu-sistema berria eraikiko dute, portuko hondakin-urak Galindoko araztegira eramateko

URAk, Bilboko Portuko Agintaritzak eta BBUPak saneamendu-sistema berria eraikiko dute, portuko hondakin-urak Galindoko araztegira eramateko

·  Gaur hitzarmen bat sinatu dute, obrak finantzatzeko, lizitatzeko, gauzatzeko eta zuzentzeko baldintzak ezartzeko;  baita etorkizunean saneamendu-sistema mantentzeko eta ustiatzeko ere

 

·  Orotara, 20 milioi euroko inbertsioa: URAk eta Portu Agintaritzak ordainduko dute, hein handi batean;  EBren finantziazioa lagun, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez (Next Generation EU); eta lanak diseinatu eta gauzatzeko Partzuergoaren parte-hartze aktiboa beharko da

URA-Uraren Euskal Agentziak, Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bilboko Portuko saneamendu-sistema berria eraikiko dute. Sistema horren bidez, gaur egun dauden arazketa-instalazio askoren ordez, kolektore-sare bat eraikiko da portuaren eremu osoan, bertoko industria- eta hondakin-urak Galindoko Hondakin Uren Araztegira (HUAra) eramateko, Bizkaiko Ur Partzuergoak kudeatuta. Horrela, itsasora egingo diren isurketa bakarrak euri-urei eta hozte-urei dagozkienak izango dira, kutsatzeko ahalmen txikia baitute.

Hiru erakundeek hori gauzatzeko konpromisoa hartu dute, gaur, Bilboko portuan egindako topaketa batean sinatu duten hitzarmenaren bidez: obrak finantzatzeko, lizitatzeko, gauzatzeko eta zuzentzeko baldintzak ezarri dira, bai eta etorkizunean saneamendu-sistema mantentzeko eta ustiatzeko baldintzak ere. Ekitaldian parte hartu dute Arantxa Tapiak, URAko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak; Ricardo Barkalak, Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakariak; eta Kepa Odriozolak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko lehendakariak.

Asmo handiko saneamendu-jarduera: 20 milioi euro inguruko inbertsio publikoa beharko baitu. Inbertsio hori URAk eta Portu Agintaritzak ordainduko dute, gehienbat. Proiektu horrek, gainera, Europar Batasunaren finantziazioa jasoko du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez (Next Generation EU).

 

Partzuergoak aldez aurretik diseinatu eta idatziko duen proiektuaren obrak lizitatu, gauzatu eta abian jarriko ditu URAk. Era berean, diruz laguntzeaz gain, Partzuergoak bere ezagutza mahaigaineratuko du, lizitazioari, eraikuntzaren jarraipenari edo etorkizunean kudeatu beharko duen azpiegitura bat abian jartzeari begira.

 

Lankidetza-hitzarmen honek erakunde arteko lankidetza estuaren oinarriak jartzen ditu, portu-eremu osorako saneamendu-irtenbide integratu bat sortzea ahalbidetzeko. Hau da, 120 isurketa-puntu bildu eta ezabatuko dituen soluzio bat; hondakin-urak portuko hodi-biltzailearen puntu bakar batean bilduko ditu, 300 ha-tik gorako jarduera-eremu batean, eta, aurreikuspenen arabera, datozen urteetan, zenbatetsitako isurketa 19.000 biztanlek egindakoaren baliokidea izango da (batez beste, 200 l/biztanleko/eguneko erreferentzia hartuta).

 

Aurreikusitako saneamendu-sistema huts-sistema bat da: hondakin-urak biltzeko eta bideratzeko, grabitatea  edota  bulkadak darabiltzaten  saneamendu-sistema ohikoagoak ez bezala. Portuan erabiliko den huts-sistemak dimentsio esanguratsuak ditu, EAEn aurrekaririk ez dutenak. Funtsean, hasieran, isurketak grabitatearen bidez bilduko dira puntu batean, eta, handik, hutsunearen teknikaz, delako huts-estazio batera bideratuko dira; hortik, azkenik, araztegira ponpatzeko.

 

Hiru erakundeek adostutako azpiegitura etorkizuneko eskaerei zerbitzua emateko gai den saneamendu-azpiegitura gisa sortuko da, eta aurrerantzean Bilboko Portura etor daitekeen edozein jarduerak saneamendu-azpiegiturara konektatzeko aukera izango du. Horretarako, saneamendu-azpiegitura berria urteko isurketa-bolumenei eusteko gai eraikiko da: 1,4 milioi m³ inguru artatzeko gai; 45 l/s inguruko batez besteko emariak, zein eta 70 l/s arteko puntako emariak hartzeko gai.

 

Faseka jardutea.

 

Bilboko portuaren hedadura dela eta, Santurtziko eta Zierbenako portu-espazio guztietarako proiektatutako saneamendu-sistema berria hiru fasetan egikarituko da.

 

Alde batetik, Santurtziko kaiak eta Morru Nagusia: hondakin-urak biltzeko eta bideratzeko jarduketen I. faseari dagozkion esku-hartzeak eta instalazioak osatzen dituzte. Guztira, 9,1 milioi euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua beharko duten jarduketak dira, BEZa barne;  eta Bilboko Portu Agintaritzak eta Uraren Euskal Agentziak erdibana ordainduko dute.

 

Bestetik, portua handitzeko kaiak, II. faseari dagozkio: hondakin-urak biltzeko eta deribatzeko esku-hartze eta instalazio gehigarriak. Guztira, 9.3 milioi euroko (BEZa barne) oinarrizko lizitazio-aurrekontua beharko dute. Hauek ere,  Bilboko Portu Agintaritzak eta Uraren Euskal Agentziak erdibana ordainduko dute.

 

Azkenik, Zierbenako udalerriko portuko industrialdea, Zierbenako portuko biaduktuak bereizten duena, III. faseari dagokiona. Hitzarmen honetan, hiru aldeek konpromisoa hartu dute hirugarren eremu horretako hondakin-urak biltzeko beharrezkoa den eraikuntza-proiektuaren idazketa finantzatzeko. Horretarako, proiektuaren herenak finantzatzeko konpromisoa hartu dute. Lizitaziorako aurreikusitako oinarrizko aurrekontua 250.000 €-koa da, BEZa barne.

 

Arantxa Tapia URAko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren ustez, “jauzi kualitatibo handia egin da hondakin-uren tratamenduan eta arazketan. Galindoko HUAn tratatuko dira, eta, horrela,portuko ur horiek itsasora isurtzeari utziko zaio”. Tapiak nabarmendu duenez, “gainera, egungo saneamendu-beharrei erantzuteaz gain, jarduera ekonomiko jasangarrienetako eta profesionalenetako uraren garapena eta kudeaketa bermatzen du, baita etorkizunean portu-eremuan ezarriko diren jardueretarako ere”. Sailburua iragarri duenez, “Eusko Jaurlaritzak eta URAk uraren ziklo integrala hobetzen jarraituko dugu, azpiegitura-defizitari aurre eginez, ibaietara edo itsasora egiten diren zuzeneko isurketen kopurua murriztu eta bere kalitatea hobetzen jarraitzeko, ur-masen egoera ona lurralde osoan orokortu dadin”.

 

Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentearen iritziz, “proiektu honek ingurumenerako jauzi handia eta aitzindaria egitea dakar, hiru erakundeen lankidetzarako borondateari esker. Lehorretik itsasorako isurketei dagokionez, oinarri on batetik abiatu gara; izan ere, duela hamar urtetik hona hobekuntzak egiten ari gara ildo horretan, baina uste dugu haratago joateko unea iritsi dela. Gauzak ondo eta araudira egokituta egiten ari ginen arren, berritzaileak izaten jarraitu nahi dugu, garapen jasangarrian eta, zehazki, ingurumen-arloan dagokigun erronka honetan portu erreferente bat izateko. EBren laguntza dugu;  proiektua datozen hilabeteetan lizitatuko da, eta, urtea amaitu baino lehen, esleituta egongo da”.

 

Kepa Odriozola Ur Partzuergoko presidentearen ustez, “erakundeen arteko beharrezko lankidetzaren adibide argi honek ahalbidetu du jarduera-esparrua adostua: gaur egun, portuan, lehorretik itsasora isuritako urak —balizko kutsadura-fokuak—, Galindoko HUAra bideratzea ahalbidetuko duena. Bestalde, nabarmentzekoa da saneamendu-sistema berriak Portuaren balizko jarduera-hazkundearen beharrizanak asetzeko egokituta eraikiko dela”.