Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Quality Water Summit foro profesionalean parte hartuko du apirilaren 24tik 28ra. Uraren kalitateari eta tratamenduari buruzko erreferentziazko ekitaldi horretan Estatuko uraren egungo egoerari heltzeko proiektuak, planak eta estrategiak aztertuko dira. Aurtengo ekitaldiak formatu mistoa izango du: lehenengo lau egunak modu birtualean egingo da, eta ostiralean, hilak 28, aurrez aurreko saioa egingo da Madrilen. Bertan izango dira uraren tratamenduaren arloan erreferentzia diren erakundeetako eta administrazio publikoetako erabaki-hartzaileak.
Esther Torvisco Zarandonak, Aktiboak Kudeatzeko zuzendariordeak, asteartean, hilaren 25ean, parte hartuko du foroan, hain zuzen ere trantsizio energetikoak uraren sektoreari dakarzkion erronkak eta aukerak aztertzeko saioan. Azken urteotan, energiaren prezioek gora egin dute eta horrek eragin handia izan du uraren sektoreko utilitateen mozkin-marjinetan; horrenbestez, beharrezkoa da energia-eredua birplanteatzea eta alternatiba berriak aztertzea, negozioaren errentagarritasunari eusteko.
Adituek eta sektore publikoko eta pribatuko ordezkariek beren esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte uraren sektoreko trantsizio energetikoari heltzeko moduari buruz, besteak beste, eraginkortasuna hobetzeko tresnak eta energia berriztagarrien erabilera azpimarratuz.
Ostegunean, hilak 27, Hektor Orbe Abarrategik, Ekimenen Garapeneko eta Estrategiako zuzendariordeak, uraren kalitatearen kontrolari buruzko saio batean parte hartuko du. Gai hori kritikoa da osasun publikorako, ingurumenerako eta ekonomiarako, eta funtsezkoa da gizartearen ongizatea eta baliabidearen iraunkortasuna bermatzeko. Saio horretan, hainbat gai jarriko dira mahai gainean, hala nola uraren kalitateari buruzko araudia eta erregulazioa, uraren kalitatea kontrolatzeko eta neurtzeko teknologiak eta teknikak, datuen kudeaketa eta sektoreko eragileen arteko lankidetza.
Hilaren 28an foroari amaiera emango dion aurrez aurreko saioak buru izango du Alejandra Puig, MITECOko zuzendariorde ondokoa eta ur-masen kalitate eta egoera ekologikoan aditu ospetsuenetakoa. Bertan izango dira, baita ere, Pedro Barreiro, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko zuzendari kudeatzailea, Santiago Lafuente, Aqualiako zuzendaria eta Rogerio Koehn, Gestaguako CEO. Horiek guztiek kudeaketaren etorkizunari buruz eztabaidatuko dute, kostuen igoerari aurre egiteko eraginkortasun handiagoa bilatu beharrari buruz duten ikuspegia partekatuz, eta plan hidrologikoen onarpen berriak dakartzan inbertsio-neurriek irekitako panorama baloratuko dute.